XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sano ona zen, orain bezala, eta oso polita, nahiz eta berebiziko argaltasun hark zeredozertxo kentzen zion; baina estu eta larri ibilerazi nuen, arrazoia dauka horretan protesta egiten duenean.

Eta zer kontxo? Ondo egin nuen.

Oraingo neska txotxolo hauek, errazak eta lagunei heltzen behingoan uzten dietenak.

Zertzu bideak dira horiek? Eta are lotsagarriago, noizean behin ere neskak berak mutilak baino lehenago.

Hau gazteriamodu...! Ba, ez dut inondik horrelakorik onartzen.

Lagunen aurrean inoiz ez nion baietz esan, eta saiatu egin zen behintzat.

Baina egia aitortu beharko banu, hasieratik oso gustatzen zitzaidala esan beharko nuke.

Bai zera baina lehenengoan nik baietz esan! Lekutan zegoen.

Niretzat zen hala ere.

Hori banekien nik, baina gizonei iruzur egin behar zaie.

Zer uste dute bada? Oraingo neska lerdoak, presaka eta korrika, eta haurrak? Berek hazi eta hezi behar.

Zalantzarik ez dago, gorostia eta gizona beti bat, eta pito xamar izanez gero, gehienak izaten diren legez, are okerrago.

Ez zaie inolaz ere lehenengoan amore eman behar.

Ene Mattin maitea, gostatu zitzaion gero... izerdi eta ahalegin, baina gosta eta guztiz... ez al gara ondo bizi izan?

Ezen hori ere eman behar baitut, ona izan baita.

Eta gainera lehenbizikoan baietz esan ukan banio zer pentsatu zukeen?

Ba, betiko erraz horietako bat besterik ez nintzela.

Horretan gure ama zena zen zuhurrak ederto irakatsi zidan.

Hari eskerrak ongi ibiltzen izan naiz ni.

Baina onegia zen hura ere, nahiz eta maitasunaz bazekien, isurtzen zuen amodio hartaz, ondo baino hobeto baliatzen.

Aita, ostera, trankil hutsa, baserritarra aspaldian utzia bazion ere haitzurtzan egiteari, berba laburreko eta gogorra.

Gabonetan haatik, apur bat edanda, ederra zen zeukan indar eta izpiritu alaia.

Antza, egokiera hartan bakarrik sortzen zitzaion senitarteekiko alegrantzia ikaragarri hura.

Urtean behin bakarrik.

Kalean, baina, arras bestelakoa zen.

Isil bertan ere, baina lagunekin egotekotan egoki gertatzen zen abagadune bakoitzean kantari.

Lantzean behin sukaldean jezarrita ere hori egiten zuen, kantuz bera bakarrik, inork ezin ziezaiokeelarik ezer esan.

Horregatio, etxeko nagusia neba gehiena zen, Antton.

Eta hura bazen benetan gogorra Neskok zortzi t'erdietan etxen esatekotan, ezin beranduago etor, ederra geunkan bestela.

Edozein kasutan ere eskerrik asko eman behar geniokeen, bera izan baitzen beste inor baino gehiago familia aurrera atera zuena.